Poza itzuli da Bizkaiko sagardotegietara. Izan ere, 2022ko sagar-uzta txar eta urriaren ondoren —iaz ohiko txotxa bertan behera utzi behar izan zen—, atzo, asteartea, eman zitzaion hasiera denboraldiari Amorebietako Uxarte sagardotegian.

100.000 litroko ekoizpenarekin, Itziar Lazkano aktore eta antzerki-zuzendaria izan zen aurtengo enbaxadorea. Agenda beteta izan arren, aktore polifazetikoak ezin izan zion uko egin sagardogile bizkaitarren gonbidapenari. «Ohore bat da niretzat, eta denbora asko kentzen didan proiektu batean murgilduta egon arren, ezin nion ezetzik esan Bizkaiko sagardogileen sektorearen proposamenari. Oso atsegina da enbaxadore izateko nigan pentsatzea», eskertu zuen Itziar Lazkanok; ostiral honetan Pabellón 6n zuzentzen duen lanaren estreinaldira joateko deia egiteko ere izan zuen denbora: Días estupendos.