Sagardoaren sektoreak ostiral honetan aurkeztu du 2026ko txotx denboraldia Donostiako Konstituzio plazan, ekitaldi bateratu batean: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileekin batera —gaur egun Euskal Sagardoa Jatorri Deitura osatzen duten lurraldeak—, Nafarroako eta Iparraldeko ordezkariak ere izan ziren. Lurralde bakoitzak kupela bat ireki zuen bere sagardoarekin, jendeak dastatu ahal izan zezan.

Eguraldiak ez zuen lagundu. Naizek kontatu duenez, euriak eta haize-boladek plazan muntatutako karpak mugitzen zituzten, eta ekitaldia estalpera eraman behar izan zuten, nahiz eta familia-argazkirako eta lehen txotxerako denbora izan zuten. Aurtengo leloa «Bertako plazerra» da, eta gaztelaniazko bertsioetan «¡La temporada del txotx, un auténtico placer!» itzuli dute.

Espero baino sagar gutxiago, sagardo arinagoak

Euskal Sagardoako 46 sagardotegiek 3,1 milioi litro sagardo egin dituzte, 4,4 milioi kilo sagarrekin. Jatorri Deiturak 250 sagargile ditu —sagarra ekoizten dutenak—, eta guztira 475 hektarea sagasti dituzte. Uzta handia eta kalitate onekoa izan zen, baina, oro har, aurreikusitakoa baino % 15 fruta gutxiago bildu zen gutxi gorabehera, batez ere neguan hotzik egin ez zuelako.

Emaitza, ekoizleen arabera, iazkoak baino arinagoak diren sagardoak dira oro har, % 6 inguruko alkoholarekin, eta profil eta heltze-puntu askotarikoak. Sektoreak nahi du sagargileen kopuruak eta sagastien azalerak gora egitea, urte batetik bestera uztak orekatzeko: Gipuzkoan 170 hektarea berri landatu dira azken urteetan, eta datozen hiru edo lau urteetan hasiko dira pixkanaka ekoizten.

Jatorri deitura bat herrialde osorako

Euskal Sagardoak azaldu duenez, martxan da jatorri deitura Iparraldera zabaltzeko prozesua, eta, hori lortutakoan, Nafarroa sartzeko konpromisoa hartuta dago. Bide horretan kokatzen da Malus Bat, 18 hilabeteko proiektua; zazpi lurraldeetako sagar- eta sagardo-ekoizleak ari dira lanean, eta sagarraren plan estrategikoa prest dute dagoeneko. Naizek zehaztu duenez, proiektua Europako azken baimenen zain dago.

Agintarien artean, Rubén Goñi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusiak nabarmendu zuen, Noticias de Gipuzkoaren arabera, «Nafarroarentzat zer garrantzi duen Jatorri Deiturara sartzeak».

Irekiera-egutegia

Ondoren, eskualdeka egingo dira irekierak:

  • Urtarrilaren 14a: Txotx Berri eguna Astigarragan, Sagardun Patzuergoak antolatuta, eta irekiera-ekitaldia Petritegin.
  • Urtarrilaren 15a: Goierriko sagardotegiak Oiharten (Zerain), Arabakoak Trebiñun eta Nafarroakoak Toki Alain (Lekunberri); gauean, irekiera Saizarren (Usurbil).
  • Urtarrilaren 16a: Urnietako sagardotegiak Eulan eta Andoaingoak Mizpiradin.
  • Urtarrilaren 20a: Bizkaiko sagardotegiak Uxarten (Zornotza).

Iturriak