«Badator, badator». Horrela hasi zen Sagardo Egun berria –XXXV. edizioa– antolatu duten eragileak bildu zituen aurkezpena; datorren larunbatean, 29an, izango da. Herritarrak berriro aterako dira kalera hura beretzeko, eta sagardoa izango da lagunik onena «jai giroko eta guztion» izan nahi duen egun batean. Azpimarratu zutenez, «herriko plazetan bilduko gara euskal giroaz eta sagardoaz gozatzeko; gainera, une goxo horiek lagunekin eta hurbilekoekin partekatuko ditugu».

Herriaren ezaugarri den jai giro horretaz berriro gozatzeko eguna izango den arren, atzoko aurkezpenean gogorarazi zuten «hau bezalako egun zoragarri bat antolatzea ez dela erraza izan, lan handikoa eta oztopoz betea baizik. Dena den, lortu dugu», nabarmendu zuten. Horretarako, eragile ugariren laguntza eta babesa izan dute, hala nola Eusko Label, Uriña, Carrefour, Alcampo, Hostoak, Askabide, Errenteriako Udala, Reyna zinema eta Arkaitza tabernak, baita Amatxi eta Super Amara ere.