Teoria eta iritzi ugari daude sagardoaren jatorriari buruz. Batzuen ustez, Egipton sortu zen; beste batzuen ustez, berriz, Bizantzio izan zen haren sehaska. Ziur dakiguna da greziarrek maite zutela, eta geroago erromatarrek beren inperio zabalaren bazter guztietara hedatu zutela.

Baina gaur egun ezagutzen dugun sagardoak Euskal Herrian, Asturiasen eta Normandian du jatorria, eta handik Ingalaterrara, Europa erdialdera eta, geroago, mundu osora bidaiatu zuen.

Euskal sagardotegia

XI. mendera jo behar da Euskal Herriko sagardo-ekoizpenaren tradizio luzea ulertzeko. Antzina, sagardotegia herrixketako jendea biltzen zen tokia zen, sagardoa dastatu eta erosteko. Arau eta ohitura zen edariarekin batera jateko zerbait eramatea, eta urteen poderioz Euskadiko bazter guztietan barreiatutako sagardotegiak jatetxe ere bihurtu ziren.

Gaur egun, euskal sagardotegiak herri eta hirietako hirigunean ere aurki daitezkeen arren, batez ere baserri handietan daude, horietako asko mendekoak eta gehienak Gipuzkoan; bertan, familia-giroak, sagardoak eta janari onak dute lehentasuna.