2026ko txotx denboraldia martxan da dagoeneko. Urtarrilaren 14an, asteazkenarekin, Astigarragako Petritegi sagardotegian, Euskal Pilota Selekzioko ordezkariek «Gure Sagardo Berria» oihua egin zuten urteko lehen kupelaren aurrean. XXXIII. Sagardo Berriaren Egunaren ekitaldi nagusia izan zen; Sagardun partzuergoak antolatzen du jardunaldi hori, sagardo berriari ongietorria egiteko.

Gonbidatuak Joxe Mari Mitxelena selekzioko presidentea eta Enara Gaminde, Eñaut Lizeaga eta Beñat Lizaso pilotariak izan ziren. Sagardotegira joan aurretik, Errege Sagarra barietateko sagarrondo bat landatu zuten Kontxa Etxeberria plazan, Erribera Kulturgunearen ondoan, ohitura denez. Agin Laburu eta Joanes Illarregi bertsolariek bertsotan jarri zuten eguna, eta segizioa txalapartarekin eta sagar dantzarekin iritsi zen Petritegira. Barruan, Argoitz Otaño txotxeroak ireki zuen lehen kupela, aurten 500 urte betetzen dituen etxean.

Lizeagak frontoiko irudi batekin laburbildu zuen esperientzia: Noticias de Gipuzkoari esan zionez, lehen tragoa «gantxo on bat egitea bezala» sartu zitzaion. Mitxelenak, berriz, pilotaren eta sagardoaren arteko antzekotasunak bilatu zituen prentsaurrekoan, hala nola pilotaren tamaina, sagarrarenaren antzekoa, edo zesta, lehen sagarrak biltzeko erabiltzen zena.

Sagardo gehiago, baina espero baino gutxiago

Aurkezpenean, Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zuzendariak kanpainaren datuak eman zituen. Uzta aurrekoa baino handiagoa izan zen, nahiz eta leku askotan aurreikusitakoa baino % 15-20 txikiagoa izan, batez ere neguan hotzik egin ez zuelako. Hamar milioi litro sagardo inguru egin dira, eta horietatik 3,1 milioik dute Jatorri Deituraren zigilua, 46 sagardotegitan banatuta: 2.965.000 litro Gipuzkoan, 95.000 Bizkaian eta 40.000 Araban.

Agirrek aurreratu zuen sagardoak, oro har, arinagoak izango direla, % 6 inguruko alkoholarekin, baina alde handiarekin etxe batetik bestera. Irekiera-kupelako sagardoa Urtebi Txiki, Urtebi Handi eta Errezila bezalako barietateekin egin zen, batez ere sagar garratz eta berantiarrekin, eta usainean nota zitrikoak nabarmentzen dira, lima eta limoiarenak. Nora Beltrán de Otálora Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak adierazi zuen, Naizen arabera, 2026a izan daitekeela jatorri deitura euskal zazpi lurraldeetara zabaltzen den urtea.

Irekiera-aste bat

Astigarragakoa aurkezpen sorta baten lehena izan zen. Ostegun 15erako aurreikusita zeuden Goierrikoa Oiharten (Zerain), Arabako sagardotegiena Trebiñun eta Nafarroakoena Toki-Alain (Lekunberri), baita Saizarren ekitaldia ere, Usurbilen. Bizkaiak astearte 20an izan zuen berea, Uxarten (Zornotza).


Iturriak