1998an lagun koadrila bat zen: bazkaltzeko elkartzen ziren eta urtean behin sagardotegira joaten ziren. Denborarekin asteazkenetan hasi ziren joaten, sagardotegiz sagardotegi, eta 2000. urtean lehiaketa bihurtu zen hori. Kizkia Taldeak, sagarra lurretik biltzeko punta duen makilaren izena hartu duenak, 25 urte bete ditu, eta azaroaren 4an, asteazkena, ekitaldi batekin ospatu ditu Astigarragako Murgia Jauregian.

Sei sagardotegitik hamaseira

Lehiaketa sagardogileei eskerrak emateko sortu zen, haien sagardoak dastatzeko ateak irekitzen zizkietelako. Lehen hirurak Hernanin egin ziren, Ubarburu baserrian, Jauregi aldean. Lehenengora sei sagardotegik eraman zituzten bina sagardo, eta Otsueneak irabazi zuen. Hurrengo urtean hamasei izan ziren, eta urte askotan hogei. Gaur egun berriz hamasei sagardotegi dira, eta ez Astigarragakoak bakarrik.

Aspaldi honetan irailean egiten da, Astigarragako Gure Izarra elkartean: hiru bazkari, hiru asteazkenetan, sagardoak dastatzeko, eta finala. Aurtengoa Lizeagak irabazi du, Astigarragako sagardotegiek osatutako podium batean.

Sagardoa, kopan

Gaur egun hamaika lagunek osatzen dute taldea, eta hiru hasieratik daude: Gabriel Lizeaga sagardogilea, Ubarburu baserriko Jose Mari Latasa eta José Luis Pérez Vacas. Urtean zehar sagardotegiak bisitatzen dituzte, dastatzen dutena baloratzen dute eta sagardogilearekin berarekin hitz egiten dute, eta ikastaroak ere egin dituzte dastaketa fintzeko.

2015ean hasi ziren kopan dastatzen, «ia sakrilegioa» zirudienean. Sagardoaz gozatzeko betiko basoa bezalakorik ez dagoela diote, baina usaina eta kolorea epaitzeko kopak laguntzen duela. Gaur ohikoa da dastaketetan.

Urteurrena

Ekitaldia taldeko kideei eskainitako ohorezko aurresku batekin hasi zen, eta 25 urte hauetako argazki, testigantza eta oroitzapenen erakusketa batekin jarraitu zuen. Kizkiak opari bat eman zien bidean lagundu dieten sagardogile, laguntzaile eta lagunei, eta ospakizuna jauregian bertan egindako lunch batekin amaitu zen.