Azaroaren 16tik 22ra, Astigarraga, Donostia, Hernani, Hondarribia eta Tolosako hamabost establezimenduk sagardoa jarriko dute barran eta mahaian, Cider Week Astearen hirugarren edizioan. Sagardoaren Lurraldeak, antolatzaileak, astelehen honetan aurkeztu du Donostiako Bodega Klandestinan, eta aurtengo berritasuna mapan dago: lehen aldiz, Bidasoa eskualdeko bi etxe batu zaizkio ekimenari, biak Hondarribian.

Dastaketa gidatuak, sagardoekin uztartutako menuak, sagardoz lagundutako barrako pintxoak, aperitiboak eta Michelin izarra duen jatetxe bat izango dira. Kopetan, bertako sagardoak, horietako batzuk Euskal Sagardoa Jatorri Deiturakoak, eta Bretainia, Italia, Alemania, Norvegia eta Suediakoak.

Egitaraua, etxez etxe

Besterik adierazi ezean, proposamen bakoitzak aste osoa iraungo du.

Astigarraga

  • Malum Rex: bi menu, horietako bat beganoa, Petritegi, Oiharte eta Brutes suediarraren sagardoekin.
  • Ibai Lur: bere Gourmet menua, estilo eta upategi ezberdinetako euskal sagardoekin.
  • Sagardoetxea (azaroaren 20an, ostiralean, 18:00etan): bertako eta nazioarteko sagardoen dastaketa gidatua Haritz Rodríguez pommelierrarekin, museoan.

Donostia

  • Apar: Kataluniako Mooma antzinako sagardo aparduna aperitibo gisa eta Zapiainen Bizi-Goxo izotz-sagardoa postrerako.
  • Bertakoteka: bere legatz-pintxoa Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten hiru sagardorekin: Zabala, Isastegi eta Zapiain.
  • Bodega Klandestina: astean zehar dastatuko diren nazioarteko sagardoen salmenta.
  • Iratze: pintxoak euskal eta bretainiar sagardoekin (Cidrerie du Léguer, Cidre Nicol, Zapiain, Astiazaran…), eta krepeak azaroaren 19an bakarrik.
  • Taupada: bere Tautalo pintxoa Itxas Buruko Bi Hotz izotz-sagardoarekin.
  • Gagootz (azaroaren 19an, ostegunean): pizza-errazioak Hego Tiroleko Floribunda etxearen sagardo arrosarekin, mami gorriko sagarrez egina.
  • Sua.Muka (azaroaren 21ean eta 22an, larunbata eta igandea): Zapiainen Sagarmut sagardo-bermuta, horretarako prestatutako pintxo batekin.

Hernani

  • Errioguarda Enea: dastatze-menua Weidmann & Groh (Alemania), Apal Sideri (Norvegia) eta Floribunda (Italia) sagardoekin.

Hondarribia

  • Higeralde Sagarlekua: bere platerak Bidasoaren bi aldeetako sagardoekin: Bordatto (Nafarroa Beherea), Zelaia (Hernani) eta Egiazki (Lapurdi).
  • Tatapas Gastroteka (azaroaren 20an, ostiralean): lau platereko menua Weidmann & Groh, Apal Sideri, Floribunda eta Egi-Luze (Errenteria) sagardoekin.

Tolosa

  • Tolosaldea Jatetxea: bertako eta nazioarteko sagardoen dastaketa, besteak beste Apal Sideri, Weidmann & Groh eta Cidre Nicol, eta bertan erosteko aukera.
  • Ama Tolosa (azaroaren 20tik 22ra, ostiraletik igandera): bertako produktuen menua euskal sagardo sorta batekin, Michelin izarra duen jatetxe honetan.

Establezimendu bakoitzak kudeatzen ditu bere erreserbak. Egitaraua gure egutegiko Cider Week Astearen fitxan ere badago.

Sagardo Forumik gabeko urteetarako

Cider Week Astea Sagardo Forum egiten ez den urteetan antolatzen da; Sagardo Forum bi urtean behin Donostian eta Astigarragan mundu osoko adituak eta ekoizleak biltzen dituen nazioarteko kongresua da. «Aste honek sektorearekiko interesa bizirik mantentzeko eta gure sagardoek askotariko proposamen gastronomikoekin uztartzean duten aldakortasun handia erakusteko aukera ematen digu», esan du aurkezpenean Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeko gerenteak. Haren ustez, hitzorduak laguntzen du erakusten «sagardoa txotx denboralditik kanpo ere dastatu daitekeela, askotariko modutan».

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak nabarmendu du sagardoa «Gipuzkoarentzat motor ekonomiko garrantzitsua ere bada, jarduera, enplegua eta aukera berriak sortzen dituena», eta garraio publikoan joatera animatu ditu herritarrak.